Filmazpit Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako zinema zabaltzeko programa da, eta Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalerarekin batera, Donostia Kulturak kudeatuko du.
Programa horren barnean, oraintxe aurkezten dizuegun honako webgune honek ere garrantzi handia izango du, Donostiako Tabakalerako web-atariaren barnean agertuko den webgune berezi honek, hain zuzen. Filmazpit programaren barruan dauden filmen katalogoa eta doako erabilerarako sortuko diren euskarazko azpidatzi guztiak aurkitu ahal izango dira bertan kultur teknikari, erakunde edo norbanakoei artxiboak deskargatzeko aukera eskainiz eta, horrenbestez, irabazi asmorik gabeko proiekzioak antolatu ahalko dira. Filmazpit programako informazio osoa aurkitzeaz gain, azken urteotako zinemaldietan euskarazko azpitituluekin emandako filmen azpitituluak gordeko dira atari berri honetan.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lehentasunezko ildoen artean euskarazko kultura kontsumoa indartzea dago, euskal kultura industria, ekoizle eta sortzaileekiko ikuspegi askatzaile batetik. Euskararen erabilera indartzeaz gain, euskarazko kultura kontsumoa indartzea eta euskararen irudiari prestigioa ematea ere du sailburuordetza honek xede eta, horretarako, besteak beste, ikus-entzunezkoaren alorrak egun duen garrantzia eta pisu espezifikoa kontuan izanik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2009an eman zion hasiera ikus-entzunezko materialetan euskara sustatzeko egitasmoari.
Hala, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zabaltegi perlas saileko eta Atzera Begirako saileko hainbat film euskaraz azpidatzi ziren, eta horren atzetik beste hainbat proiektu sortzen joan dira; orain, Filmazpit programaren ordua heldu da, etorkizunean ere jarraipena izateko bokazioz jaio den programa. Izan ere, sailburuordetza honek euskara sustatzeko konpromiso argia du eta, alde horretatik, zinemaren inguruan izan daitezkeen proiektu berriek ere gure laguntza eta babesa jasoko dute.
Lurdes Auzmendi
Hizkuntza Politikarako sailburuordea
ZEINEK PROGRAMATU DEZAKE?
Instituzio, udaletxe, kultur eragile, irakasketa zentru...
KOSTEA:
FILMAZPIT proiekzioen eskubide eta, adostutako formatuan, kopia bidaltzearen kargu egingo da, antolatzailearen ardura bakarra kopia itzultzearen garraio-kostua izanik.
PROIEKZIO FORMATUAK:
Betacam digitala, Blu-ray edo DVD.
BALDINTZAK:
Banatzaileekin hitzartutako akordioaren arabera, FILMAZPIT programako katalogoaren barruan dauden filmen edozein emanaldi edo proiekzio publikoak irabazi-asmorik gabekoak izan beharko dira eta sarrera librea izango da.
KONTAKTUA: